Peru eta Kolonbiako nekazarien gaitasunak eta economía. Bizibidea ateratzea.

25 abuztua, 2015 at 11:39 am
Bizibidea ateratzea

Bizibidea ateratzea

Gizaki orok, izan landa-eremukoak zein hiri-eremukoak, bilatzen dugu bizibidea ateratzeko eta aurrera egiteko modua. Tamalez, gu guztion abiapuntua ez da berdina. Gure ahalmenak eta gure aukerak ez dira berdinak. Munduko zenbait tokitan, landa-eremuan jaiotzen direnek aukera gutxiago dituzte.

Halaxe da, adibidez, Peru eta Kolonbia bezalako herrialdeetan, non «landa-eremuarekiko zorrari» buruz mintzo baitira. Adierazpide horrek zorigaitz bi barne hartzen ditu: indarkeria eta pobrezia. Izan ere, bi herrialde horietan, landa-eremuetan bizi direnak dira pobreenak eta ahulenak, bereziki emakumeak eta neskatoak. Talde hori da indarkeria-mota desberdinen eraso bortitzenak pairatu dituena eta, gaur egun ere, pairatzen dituena.

Gure ustez, zor hori aitortzea da eman beharreko lehen urratsa, ulertzeko guztiok ez garela maila beretik abiatzen ogibidea bilatzerakoan, bizitzan aurrera egiterakoan. Are gehiago: Perun eta Kolonbian elkarrizketatu ditugun nekazari-familiek*, kronikotzat jo daitekeen indarkeria borrokatzeaz gain, azken 20 urteotan erabat liberala den eredu ekonomiko bati ere aurre egin behar izan diote. Eredu horrek nekazaritza-esportazioa, monolaborantza, abeltzaintza eta meatzaritza handia babestu ditu, apurka-apurka nekazaritza-ekonomia txikiak eta, oro har, landa-eremuko populazioa baztertzen zituen bitartean. Horren guztiaren eraginez areagotu egin dira lekualdatzeak eta migrazioak (bai aldi baterakoak, baita behin betikoak ere); landa-eremuetako populazioa larriki zahartu da; gero eta handiagoa da biziraun ahal izateko gobernuaren programekiko dagoen mendekotasuna; eta gero eta gehiago dira hirietako auzo marjinaletan hobera egiteko aukera handirik gabe bizi diren landa-jatorriko gazteak.

Hala eta guztiz, Peruko eta Kolonbiako landa-eremuetako biztanleek erakutsi dute egitura aldetik egoera kaskarragoan egon arren, badutela, batetik, erresistentziarako ahalmen handia, eta bestetik, Estatuak zein merkatuak irudikatutako egoera desberdinetara egokitzeko gaitasuna. Jarrera hori «beharrizanetik sortutako bertutearen» erakusgarri izango da, akaso; edota, agian, gizakiok, autonomia eta askatasuna bilatzeko, lurrari lotzeko dugun ahalmen misteriotsuaren adibide. Hona hemen datu adierazgarri bat: kalkulatu da Perun eta Kolonbian, jaten dituzten elikagaien % 70 nekazariek hazi eta ekoizten dituztela.

Testuinguru ezkor horietan dihardute, duela 50 urte baino gehiago, ALBOANekin lan egiten duten erakundeek, Nekazarien Sustapenerako Zentroak (CIPCA) eta Nekazarien Institutu Nagusiak (IMCA). Azken biak Jesusen Konpainiak sustatu zituen, familia-nekazaritza txikiaren, nekazaritza ekologikoaren eta iraunkortasunaren aldeko lana egiteko. 50 urteko ibilbideak argiak eta ilunak utzi baditu ere, aipatutako bi erakundeen estrategia zera izan da: landa-eremuko biztanleen eta nekazarien elkarteen prestakuntza eta gaitasunak sustatzea, haien bizitza hobetu dadin eta aukera izan dezaten parte hartzeko euren baliabideei eta bizimoduari eragiten dieten erabakietan.

Ugariak dira hainbeste urteko lanaren ostean ondo egindako gauzetatik zein akatsetatik ikasitakoak. Garai batean, familiengan eta ezagutzen eta trebezien transmisio teknikoan jarri ohi zituzten erakundeok euren ahaleginak, horren bidez nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena hobetu zedin. Peruren kasuan, adibidez, babes tekniko eta finantzario zuzena eman zieten Piurako kostaldeko kotoi- eta arroz-ekoizleei (bertako laborariek euren lur-zatien jabetza eskuratzea lortu zuten, nekazaritza-erreforma bati esker). Nekazaritza-industriak, ordea, inbertsio berriak ekarri zituen Piurako kostaldera, eta CIPCAk, orduan, aldatu egin zuen bere estrategia: asoziazionismoa bultzatu zuen, familia-nekazaritza txikia babesteko. Horrenbestez, familiei laguntza teknikoa ematetik (alegia, laguntza ia indibidualizatutik) ekoizleen elkarteei laguntza integrala ematera igaro ziren, betiere antolakuntza- eta administrazio-alorrean indarra jarriz, alor teknikoan baino. Era berean, zenbait labore berritan hasi ziren lanean, adibidez: bananondo organikoa eta kakaoa. Huraxe izan zen CIPCAk fujimorismoan oinarritutako testuinguru politiko eta ekonomikoari emandako erantzuna, non eredu neoliberal erradikala baitzen nagusi, eta non nekazaritza-industriaren alorreko inbertsio handiak gailentzen baitziren, ekoizle txikien kaltetan. 2000ko hamarkadan, demokrazia berreskuratzean, deszentralizazio prozesua sustatu zen, eta horrek eragina izan zuen CIPCAren lanean: politika publikoei buruz eztabaidatzeko hitzarmen-guneak sortu ziren eta, ondorioz, CIPCAk erabaki zuen erakundeen eta politika publikoen eremuari heltzea, eta ekoizleen elkarteek zein gizarte zibileko bestelako taldeek eztabaida publikoko gune horietan parte hartu ahal izateko gaitasunak sendotzen hastea. Urte hauetan guztietan zehar, beraz, «mikro»tik (ekoizleak eta haien familiak) erakunde-mailara (hitzarmen-guneak, tokiko eta eskualdeko gobernuak) igaro da CIPCA: unean uneko testuinguruaren beharrizanetara egokituz joan da. Hor antzeman daiteke erakundearen apustu politikoaren «alternatibotasuna», eta zein eredu defendatzen duen.

Unean uneko erantzun zehatz, testuingurudun, egingarri eta gauzatu hori da, hain zuzen ere, garapenerako CIPCAren eredu alternatiboa. Eredu horrek, bestalde, aurre egiten dio testuinguru jakin eta zehatz bakoitzean indar hegemonikoek inposatu nahi dutenari. Nekazaritza-erreformaren aurrean, nekazariak lagundu eta sendotzeko hautua egiten du CIPCAk; fujimorismoaren eta nekazarien bazterketaren aurrean, elkarteak eta familia-nezakaritza babestekoa; deszentralizazio prozesuaren aurrean, politika publikoak adosteko guneen alde egitekoa.

Caucako bailaran, oso bestelako testuinguru batean, IMCA elkarteak ere «mikro»tik (banakako familiak) erakunde-eremura (tokikoak eta eskualdekoak) egin du. Eremu sozio-politikoa nagusituz joan da, ekoizpen- eta teknika-eremuaren aurrean. Zehazkiago, jauzia 2006an eman zuen IMCAk, tokiko eta eskualdeko iraunkortasun programaren hasierarekin batera eta hausnarketarako aldi baten ostean (hausnarketa-aldi hartan eskalaren arazoari heldu zioten nekazaritza eta abeltzaintzako idazle klasikoen eskutik, Altieri kasu).

Oro har, ezin dugu arrakasta handiei buruz hitz egin, aurrerapen txikiei buruz baizik: tantak ozeano zabalean. Gaur egun, gutxi dira nekazaritzatik bakarrik bizi diren familiak. Bizibidea dibertsifikatu egin behar izan dute; batzuetan proletario bihurtu behar izan dute; ekonomiako beste alor batzuetan sartu behar izan dute; jarduerak konbinatu behar izan dituzte; eta zenbait proposamen eta borroka uztartu behar izan dituzte. Edozelan ere, tanta horiek guztiek zera utzi dute agerian: agenda publikoetan eragin beharra dagoela, nekazaritza eta abeltzaintzako proposamenek, familia-ekonomiaren eta landa-garapenaren aldeko proposamenek euren tokia izan behar dutela agenda horietan. Horren xedea litzateke eredu hegemonikoari aurre egiteko erresistentzia- eta proposamen-gune txikiak eskuratuz joatea. Ogibidea landa-eremuan bilatzea, ahalmen politiko kontua ere badelako. Finean, aukerak sortu behar dira; dauden zorrak aitortu behar dira; konfiantza izan behar da elikagaiak ekoizten dituztenen jakindurian.

* Artikulu hau Alicia Aleman egiten ari den doktore-tesian dago: «Ganarse la vida. ONGDs y promoción de capacidades para el desarrollo económico-productivo». Tesi hori, bestalde, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroak monitorizatuta dago.

** Artikulu osoa Bizkaia Maitea Aldizkarian argitaratu zen.