Utzi gidatu zaitzagun erakunde bizigarri bihurtzeko!

7 maiatza, 2024 at 9:56 am

Eskuragarri dago jada erakunde bizigarriak eraikitzeko gida interaktibo berria! Alboanek eta REAS Euskadik gida berritzaile hau sortu dugu, erakundeei argibideak eskaintzeko bizigarriago bihur daitezen eta gaitasun handiagoa izan dezaten beren eginkizun sozial eta ekologikoei modu kolektiboan erantzuteko.

Gure proposamena da ikuspegi ekofeminista gure erakundeetara ekartzea, bizitza erdigunean jarriko duten erakundeak izatera hel daitezen eta, horrekin, gure planetak eskatzen dituen eraldaketa ekonomiko eta sozialetan lagundu. Feminismoak eta ekologismoak ematen dituzten ikuspegi alternatibo eta tresna praktikoek laguntzen dute bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzura dauden erakunde-ereduetara igarotzeko prozesuan.

Beraz, gida honek erakunde bizigarrien kontzeptua aztertzeko esparru bat eskaintzen du, generoaren eta ekologiaren ikuspegitik, eta baliabide praktiko batzuk ematen, erakundeak ikuspegi horretatik eraikitzen laguntzeko. Funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzen duen eduki argigarria eskaintzen du, eta webguneetara eta dokumentuetara eramango zaituzten hainbat esteka ditu, gaietan sakontzeko eta zure testuinguruan aplikatzeko. Gainera, zenbait ariketa praktiko ere baditu, hala nola galdera-sortak, adibide errealak eta gaiak hainbat ikuspegitatik lantzen dituzten aditu batzuen bideoak.

Ekimen hau REAS Euskadi sareak eta ALBOANek bultzatu dute, eta proiektu honen barruan dago: “Ikuspegi lokal-global batetik bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzura egongo den ekonomia baterako praktikak eta proposamen ekosozialak”, zeina Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu baitute batera.

Egin ezazu bat aldaketarekin, eta sortu lan-ingurune bat bizitzaren eta giza harremanen zaintzan oinarritua!