GARAPEN ALTERNATIBOA

Garapen-kontzeptu jakin bat urte askoz nagusi izan eta gero, orain eztabaida bat dugu, orain arte inoiz ez bezala, ikuspegi hori zalantzan jartzen duena, desegokitzat jotzen baitu gaur egungo erronkei aurre egiteko.

Oraingo krisiak, pertsonak eta talde osoak bazterkeriara bidaltzeko duen gaitasun basatiarekin, argi berresten ditu garapen-eredu horren mugak, eta arrazoia ematen die eredu eta logika alternatibo sendo eta barneratzaileak bilatzeko premia eskatzen, munduko hainbat lekutatik, urteak daramatzagun talde eta gizarte-mugimenduei. Bizi ditugun aldaketek presioa egiten diete gobernuei, alde anitzeko erakundeei eta gizarte zibil antolatuari berari, erantzunak bila ditzaten.

Indarrean dagoen garapen-eredua zalantzan jartzea abiapuntua da proposamen alternatiboen aldeko apustuari ekiteko. Aberastasunaren, boterearen eta Lurreko ondasunen banaketan dauden desberdintasunak duela urte batzuk baino nabarmenagoak eta eskandalagarriagoak dira gaur egun. Desberdintasun horrek erakusten du oraingo eredua ez dela gai gaur egun gizateriak dituen arazo ekonomikoak, sozialak, politikoak eta ingurumenekoak konpontzeko. Batez ere hazkunde ekonomikoan oinarrituta dagoen eredu horrek baliabide naturalen ustiapenaz abusatzen du; muturreko pobrezia bihurtzen du lehen bizitza zena; milioika pertsona migratzera eta lekuz aldatzera behartzen ditu; munduko herriak bere premisa baztertzaileen mende jartzen ditu, aukera ekonomiko, politiko eta sozial bakar bat inposatuz.

dearrollo

Errealitate horren aurrean, erronka berriak proposatzen dira proposamen alternatiboak sortzeko eta munduko hainbat lekutako pertsonak eta erakundeak praktikan jartzen ari diren jardunbideak eta esperientziak sendotzeko eta bideragarri egiteko.

Horregatik, uste dugu une egokia dela garapenari buruz hitz egiteko: aldaketa ekonomiko eta sozialerako prozesu berriak aztertzeko praktikaren eta ezagutzaren eraikitze zorrotzaren ikuspegitik. Uste sendo horrekin, ALBOANek eta Jesusen Konpainiaren gizarte-arloko erakunde batzuek, beste GKE eta unibertsitate batzuekin batera, denbora daramagu lanean, GARAPEN ALTERNATIBOA deritzogun hori edukiz hornitzeko.

Gure ekarpena uste sendo horretatik egiten dugun praxia eta gogoeta da. Ekarpen horren oinarrian, hainbat lekutako herri baztertuekin urte askoan egindako lanaren esperientzia dago, bai eta gaur egungo ereduaren injustizia salatzeko eta etorkizun hobe baterantz joateko bide alternatiboak bilatzeko dugun konpromisoa ere.

Garapen alternatibo horrek lehendik dauden eta ezagunak diren logika horietatik asmatu behar du ongizatea eta lortzen saiatu: ikaskizunak atera, posibilitate-baldintzak sortu, eta partekatu, zabaldu eta laguntzeko balio dezaketen etorkizuneko jokalekuak sortu.